·  PARTE HARTZAILEAK  ·

ARGIA (DONOSTIA)

Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean sortu zen ARGIA taldea. Orduz geroztik, Euskal Herrian folklore-jardueraren ezinbesteko erreferentzia izan da azkeneko berrogei urtetan.

 

Bere sorreratik J.A. Urbeltzek zuzendu du, hirurehun dantza eta bostehun doinu tradizional baino gehiagorekin lan eginez Euskal Herrian, Europan eta Ameriketan eskainitako kontzertu ugaritan.

 

ARGIA taldean eta Euskal Herriaren erreferentzia zuzenean ezagunak dira bere eszenaratze zaindua, musikarien kalitate instrumentala eta kolorea, diseinu ederreko jantzitegi tradizionalarekin batera.

 

1988an, neurri handiko produkzioa lantzen zuen garaia ireki zen. Bertan, mugako bi aldeetako bederatzi dantza-talderekin batera eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, ZORTZIKO izeneko ikuskizuna gauzatu zen. Confolens-eko (Frantzia) Nazioarteko Jaialdian estreinatu ondoren Euskal Herri osoan eskaini zuten.

KEZKA (EIBAR)

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko- dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

 

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

 

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi- gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.

HARITZ (ELGOIBAR)

Haritz Euskal Dantzari Taldea 1973. urtean sortu zen Elgoibarren, San Bartolometan egin ohi zen soka-dantza mantentzeko helburuarekin. Geroztik Elgoibarko tradizioen eta ondarearekiko ardura eta dantza errepertorioan sakontzea izan ditu xede nagusi. Lau hamarkada pasata, San Bartolome jaietako sokadantza plazaratzen segitzen du Haritz euskal dantzari taldeak, eta horixe du urte osoan egiten dituen saioen artean kuttunenetakoa. Herriko auzo eta festetan parte hartzen du, Aiastian San Migel festetan, Idotorben San Pedroetan eta baita Galiziako Etxeak antolatzen dituen festetan ere. 2009tik aurrera Errosarioko Amaren ezpata- dantza dantzatzen du Haritzek Elgoibarko kaleetan, Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantza taldearen laguntzarekin sortua izan zena.

 

Horrez gain aipatzekoa da uztailean Portugaleteko Elai-Alai elkartearen laguntzaz antolatzen den Nazioarteko folklore jaialdia, 1987tik gaurdaino atzerriko hamaika talde Elgoibarren ikusteko aukera zabaldu duena. Haritzek beste hainbat herritan ere eskaini izan ditu emanaldiak, bai eta Europako zenbait herrialdetan (Katalunia, Austria, Belgika...) ere.

 

Donostiako Argia dantzari taldea eta bere zuzendari Juan Antonio Urbeltz- ekin lankidetzan dihardu Haritzek azken 25 urteetan, eta 1988an Confolens- eko Nazioarteko Jaialdian Zortziko ikuskizuna estreinatu zenetik Argiak sortutako ikuskizun guztietan parte hartu dute Haritzeko dantzariek: Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Axeriboda, Axuribeltza, Aunitz urtez eta Besta Berri, hain zuzen ere.

 

Eibarko Kezka eta Debako GureKai dantza taldeekin elkarlanean aritzen da, eta baita Galdakaoko Andra Mari, Portugaleteko Elai-Alai, eta Iruñeko Duguna taldeekin ere.

 

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolaren baitan haurren dantzako prestakuntza bere gain du Haritzek euskal dantzari taldeak, ehunka ikasleri dantzarako oinarrizko hezkuntza eskainiz bertan.

DUGUNA (IRUÑEA)

Duguna-Iruñeko dantzariak taldea 1949. urtean sortu zuen Iruñeko udalak, hirian izandako dantza tradizio aberatsari modu egonkorrean jarraipena emateko. Ordutik, hiriko ospakizun nagusietan (San Fermin, Batasunare pribilejiaoren eguna, San fermin Aldapakoa, San Saturnino...) parte hartzen du dantzan eta hori du eginkizun nagusi. 2009 urtean Iruñeko ondare koreografikoa aberasteko proiektu bati ekin eta horren fruitu dira hainbat dantza-sorkuntza, esaterako, San Fermin Aldapakoaren egunean dantzatzen duten Ezpata-dantza eta San Blas eta San Juan egunetako soka- dantzak, hauek guztiak Argia dantzari taldearekin elkarlanean sortuak. Izan ere, 2007. urtetik elkarlanean ari baitira Duguna-Iruñeko dantzariak Argia dantzari taldea. Azken honen ikuskizunetan Dugunako 50 bat dantzari eta musikari parte hartu izan dute 2007az geroztik.

MARITZULI (MIARRITZE)

Maritzuli konpainia 1996 ean sortu zuen Claude Iruretagoyenak , Ixtorio Mixtorio izenarekin.

 

1999ean bere betirako izena hartu zuen . Geroztik Maritzuli konpainiak Malandain Ballet Biarritz Zentro Koreografikoaren laguntza finantzario, profesionala eta logistikoa jasotzen du. Taldearen hasieratik, beren proiektuak arlo anitzeko artisten artean eginikoak dira. Ikuskizunak ikuspuntu kultura-aniztasun batetik sortuak dira eta perspektiba diakroniko batetik ikusiak, baino ikerketa zorrotz eta historiako testigantza fideletan oinarrituz noski. Tradizioaren inguruan eraikitako eskola bat izateaz gain, talde berritzailea dugu musika eta dantzaren munduak profesionalizatu dituzten aldetik.

 

20 urte hauetan, Maritzuli konpainiak ikusgarri esberdinak sortzeko aukera izan du. Ixtorio Mixtorio, Ingura Mingura, La Pamperruque, Côté cour... Côté Jardin..., Kutx ala Pil, Aurrez aurre, Nundik Nora, Lau urrats eta kitto, izan ziren sorkuntza azpimarragarrienak. Bestalde, Biarritzeko hirian egiten diren ospakizunetan dantzak berreskuratzen saiatzen da Maritzuli Konpainia, ala nola, Jondoni soka dantza eta San Martin ezpata dantza.

 

Claude eta Jon Iruretagoyenak urte askotan Argia dantza taldearekin dantzatzeko aukera ukan dute eta arreman on orien ondorioz, Maritzuli konpainiako haurrek “Besta Berri” ikusgarrian parte hartzeko aukera ukan zuten.

ELAI ALAI (PORTUGALETE)

Elai Alai dantza eta musika taldea Portugaleten sortu zen, 1962an, herri ekimenari esker eta herriaren tradizioari jarraiki. Harrezkero, ELAI ALAI elkartearen nortasuna eta itzala sendotu egin dira, bai Euskal Herrian, bai kanpoan ere, apalki baina etengabe jardun duelako Euskal Herriaren folklore eta kultura tradizional joriak berreskuratu, gorde eta zabaltzen.

 

Nazioarteko Jaialdi eta emanaldi ugaritan aritu da gonbidatuta taldea, arrakasta handia lortuta beti, bai entzuleen artean, bai hedabideetan ere. Euskal herri guztietako dantzak hartzen ditu taldeak bere errepertorioan, hala nola, Bizkaiko Dantzari-dantza ta jotak Gipuzkoako Ezpata-dantzak, Alabesak, Nafarroako dantzak, Xiberuko Maskaradak eta nola ez Lapurdi ta Behe-Nafarroako Inauteriak.

 

Ibilbide luzean ikuskizun askotxo atondu ditu, eta horietatik hauexek nabarmendu nahi ditugu: Sustraiak, Salazar, Santiago, “Lehen, Orain eta Beti” eta gaur egun Errituak eta Dantzak.

 

Ikuskizun horien artean bilakaera bat antzeman daiteke, bai teknikaren aldetik, bai koreografiaren aldetik ere, gure kultura gaur egungo moldeetara egokitze aldera, mende berriak azpian hartu ez dezan, garai berrietarako gauza izan.

Ekoizleak:

Babesleak:

Laguntzailea: