· IKUSKIZUNA ·

ABIAPUNTUAK

Juan Antonio Urbeltz

Ander Lipus

Harkaitz Cano

Nahiz eta historikoki gure herriak ez duen heroiaren figura mitikoa garatu, ez baitugu mito heroikoen tradizio bat, gure memoria kolektiboan, han eta hemen sakabanatuta aurki ditzakegu hainbat pertsonai herrikoiri buruzko erreferentzia indartsu ugari. Oraingo honetan, gure dantza tradizionalen bizitza indarberritu nahi izan dugu, hain zuzen, herri heroi horien indar bizia eszenatokira eramanez, eleberrietako heroiak, Barojaren heroiak ... bilatuenak. Egia esateko, tenperamentuari dagokionez, gure heroiak ez dira sutsuak, agian ez dute hegoaldeko lurretan heroiek duten dramatikotasun teatrala, baina horrek ez du beren xarma murrizten.

 

Euskal dramaturgiak eskaintzen digun fikziozko pertsonaien aukera horretatik, gure proiekturako Zalakain hautatu dugu, Zalakain abenturazalea, Pio Barojak nobelatu zuen huraxe bera eszenaratzen saiatuko gara. Aurrerapauso bat da, gure herri dantzaren alorrean lehen aldiz gertatuko den erronka izango da. Proiektu honetan, dantzariak eta musikariak Ander Lipus eta Harkaitz Canoren eskutik joango dira, literatura eta dramaturgia dantzakera pre-klasikoarekin batera konbinatuz, gure herri kulturaren arlo hau ulertzeko modu berri baten bila.

Candonble eta Orixa dantzak oinarri zituela Augusto Omoluk zoragarri eraman zuen taula gainera William Shakespeareren Otelo, Mahabaratharen istorioak ikusi eta ikasi nituen Kalamandandalan Haridasekin Indiako Kathakali antzerki-dantza egiten, Commedia dell’arteko komerianteen antzera inprobisaketa saioak egiteko gaitasuna lortu asmoz maskara eta dantza balinesekin trebatu nintzen Mas Soegeng maisuarekin, Kanichi Hanayagirekin Japongo Nihon Buyo dantzan eta bere sinbologian murgiltzeko aukera izan nuen. Beste herrialdeetako antzerki-dantza ezberdinak ezagutu eta aztertu nituen. Eta gurean zer?

 

Pio Barojaren Zalakain abenturazalea nobelatik abiatuta taula gainean antzerkia bere osotasunean agertzeko aukera paregabea daukagu. Dantza, jokoa, musika, kantua, jantziak... adierazpen guztiak elkarrekin uztartuko dira ikuskizun honetan. Harkaitz Canoren hitzekin biribilduko dugu amestutako proiektua. Eta nola ez, euskal kulturaren erreferentea den Juan Antonio Urbeltz maisuaren ondoan lan egitea plazer hutsa izango da eta Zalakain eszenaratzea abentura eder bat.

Sekula bururatuko ez zitzaidakeen zerbait da Zalakain abenturazalea lan koreografiko baten abiapuntutzat hartzea. Horregatik egin zitzaidan, hain zuzen ere, horren erakargarria proposamena. Garai baten erretratu paregabea den nobela bat, belaunaldi oso bat literaturara zaletzeko balio izan zuena, berriz berreskuratu, eta Pio Barojaren lana beste ertz batetik intepretatzeko proposamen paregaba delako. Anbizio handiz, gainera. Western karlista baten gisara irakur daitekeen nobela agertoki batera epika doiarekin ekartzea, Juan Antonio Urbeltzen eskura soilik dagoen zerbait delakoan nago, eta On Pioren bizitza osoko testigantza Ander Lipusen ahotan esana izan dadin egokitzea, errepikatzen zaila izango den desafio eta aukeratzat hartzen dut.

SINOPSIA

Bere patuari ihes egin ezin dion abenturazalea da Martin Zalakain. Pio Barojaren lanik estimatuenetakoa den eleberri hau, western karlistatzat jo daiteke kasik: mendiko ibilerak, maitasunaren hasi-masiak, estraperloaren estuasunak...

 

Tabernako beroaldien lekuko izango gara, ezagutuko ditugu gerrako trantze gordinak eta bideetan barrena topatutako adiskidantza zintzoak zein aliantza interesatuak.

 

“Bizirik nago, baina barruan dudan bizitza erabili ezean, usteldu egiten zait”, dio Martinek, arriskuen ezaxola, sasiaren lagun.

 

Gozotik eta tragikotik, bietarik du asko Zalakainen bizitzak. Ez du ekintzarik falta, ez eta ospakizunik ere.

 

Heroiaren kasta eta katarsiaren aldarria hain bere dituen nobela batek, izan ote dezake dantzaren bidezkoa baino taularatze hoberik?

ARGAZKIAK

Ekoizleak:

Babesleak:

Laguntzailea: